Baserritik mundura: gure elikaduraren etorkizuna jokoan, ETXALDE nekazarien mugimenduak, EHNE Bizkaia nekazarien sindikatuak eta HEGOA Euskal Herriko Unibertsitateko nazioarteko lankidetza eta garapenari buruzko ikasketa institutuak elkarlanean egindako ikastaro bat da
Ikastaro hori Elikadura Burujabetza eta Agroekologia gaietan unibertsitateko formazio eta ikerkuntzarako espazioak zabaltzeko helburuarekin sortu da 2016an. Ikastaro horrekin lortu nahi dugu Elikadura Burujabetzaren agendak nekazaritzaren eremua gainditzea: elikagaiak ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko eredua aldatzeko apustuak gizarte osoa hartzen du eta denei dagokigu. Horrela, hainbat eremu, prozesu eta eragile sozial eta instituzionalen arteko topaketa, elkarrizketa eta aliantzak dira ikastaro honen ezaugarria. Ikastaro honetan aplikatzen ari den metodologia berritzailea eta aitzindaria da Euskal Herrian; izan ere, ezagutza zientifiko kritikoa, ikerketa-ekintza, formazio politikoa eta herri-hezkuntza bateratzen ditu. Horretarako, ikerketa-metodo eta ikuspegi barneratzaileak, parte-hartzea ahalbidetzen dutenak, horizontalak eta ezagutza desberdinen (baserritarrak, feministak, herri-ezagutzak, teorikoak, praktikoak, etab.) arteko lankidetzan oinarrituak txertatu nahi dira, La Via Campesinaren formazio-prozesuetan erabiltzen diren metodologia pedagogikoak Euskal Herriko errealitatera egokituta.
- Sareak eratzen
- Herri mugimendua – erakunde soziala
- Mugimendu baserritarra – Erakunde baserritarra