Udalek zuzenean kudeatzen dituzte lehen hezkuntzako (3-12) ikastegietako jantokiak. Udalerri batzuetan udal-sukaldeak daude, eta beste batzuetan, ikastegiek sukaldea dute bertan. Kasu guztietan langileak udal-langileak dira, eta hiru motakoak daude: sukaldariak, sukaldeko begiraleak eta bazkalosteko espazioetarako hezitzaileak. Familiek 5€ inguru ordaintzen dituzte menu bakoitzeko; edo gutxiago ere bai, errentaren arabera.
Udaleko langile baten ardura da ikastegiaren eta udalaren arteko koordinazioa, eta kanpoko adituetara jotzen du beharrezkoa denetan (dietistak, besteak beste). Jantokiko batzordean langileek, gurasoek eta zuzendaritzak hartzen dute parte.
Collège (12-16 urte) izenekoak departamentuetatik (probintzietatik) kudeatzen dira. Lizeoetan (16-18 urte) jantokiaren kudeaketa erregioen esku dago.
Angeluko jantokien kudeaketa
Angeluko udalak 14 ikastegi eta aisialdiko bi zentro kudeatzen ditu. Guztietan dute sukaldea, eraikinean bertan edo inguruko batean. Sogeres enpresaren ardura da elikagaien hornikuntza, guztira 3 enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publikoa irabazi zuelako.
Enpresak udalak jarritako baldintzak bete behar ditu, hau da; arrainaren % 50 freskoa da, eta barazkien % 70 eta esnekien % 100 ekologikoa da. Urriaz geroztik Frantziako lege batek ebatzi du elikagaien erosketa publikoan produktuen % 20ak ekologikoa izan behar duela, eta % 50ak tokikoak edo kalitatekoak (labela dutenak). Akitania Berria eskualdean, jantoki kolektiboetako produktuen % 20ak ekologikoa izan behar du.
Familiek 0,50 zentimo eta 4,5 € arteko kuotak ordaintzen dituzte.
Alderdi pedagogikoak garrantzi handia du; hori dela eta, espazioen ergonomia zaintzen dute, adin desberdineko haurrek partekatzen dute mahaia, eta ikasle nagusienek gazteenei laguntzen diete janaria mozten.
Donibane Garaziko Institutua
Navarre Lizeoa aitzindaria da jantokiaren kudeaketa jasangarriari dagokionez.
Hainbat erakunde eta ikastegik elikagaiak elkarrekin erosteko sortutako Acena elkarteko kide da. Elkarte honek, guztira, 57 milioi menu eskaintzen ditu urtean. Elkarteak 328 ikastegi, 203 lizeo eta 31 nekazaritza-lizeo hartzen ditu. Erosketak 20 taldetan banatzen dituzte eta prezio onak lortzeaz gain, enpresa handien erosketetan ere eragiten dute.
Jantoki kolektiboetan tokiko produktuak sustatzeko, ezinbestekoa da bertako ekoizpena nolakoa den, ekoizpen-gaitasuna zenbatekoa den eta ekoizle bakoitzak zenbat aldiz zerbitza dezakeen jakitea. Gainera, ekoizleekin bilerak egiten dira lizitazioak prestatzeko, nola aurkeztu behar diren azaltzeko.
Garrantzi handia ematen zaio alderdi pedagogikoari. Ikasleak ekoizleak ezagutzera eramaten dituzte, haiekin ereitera eta fruta biltzera. Ekoizleek ikastegiak bisitatzen dituzte, eta ikasleek galderak egiteko baliatzen dute aukera. Klima aldaketaren eragina zenbatekoa den ikusteko, Pirinioetako glaziarrak bisitatzen dituzte adituekin. Beste alde batetik, sukaldariek formazioa jasotzen dute produktu freskoekin lan egiten ikasteko.
Iparraldean, lizitazio batean prezioa % 30 baino ez da, eta horri esker, bertako nekazariek, abeltzainek eta ekoizle artisauek euren produktuak txertatzen dituzte elikapen kolektiboan.
Iturria: https://www.gureplateragureaukera.eus/eu/iparraldeko-eskola-jantokiak-bisita-baten-kronika/
- Arautzen
- Martxan jartzen
- Sareak eratzen
- Tokiko instituzioa
- Herri mugimendua – erakunde soziala