Elikagaien erosketa publikoa, batik bat, kolektiboentzako sukaldaritzara bideratzen da, bai hezkuntza alorrean, bai osasunaren alorrean, sozialean edo beste alor batzuetan. Eskoletako, ospitaleetako edo egoitzetako jantokiak adibide bat baino ez dira.
Tokiko ekoizleek modu osasungarrian ekoitziriko elikagaiak kolektiboentzako sukaldaritzan sartu izanak jendartean, administrazioan eta haien politiketan gero eta interes handiagoa pizten duen arren, oraindik ez du benetako hazkundea bizi.
RESELOC proiektuak hainbat potentzialtasuni ekiten die, eta sektore ekologiko eta tokikoari dagokienez, produktu ekologiko eta/edo tokikoak kolektiboentzako sukaldaritzan txertatzea esan nahi du. Izan ere, jantoki kolektiboetan elikagai ekologiko eta tokikoak kontsumitzea bultzatzeko jendarteak eta administrazio publikoek duten interesa ikusita, sektoreak beste ikuspegi bat eman behar dio gaiari; batik bat lehiaketa publikoei, logistikari, elikagai horien prestaketa eta banaketari dagokienez, horrela, merkatu berri horren premiei erantzuteko.
Proiektu horrek hiru erregiotan gauzatu diren esperientziak eta gai bakoitzean adituak diren eragileak identifikatuko ditu. Topaketa profesionalak egingo dira Nafarroan eta Akitanian, gai jakin batzuen inguruko bisitak ere bai 3 erregioetan, eta, amaieran, bilera bat egingo da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta han erakutsiko dira emaitzak. Orobat, proiektuari eta horren emaitzei buruzko dokumentu bat prestatuko da, botere publikoentzat eta jendarte osoarentzat komunikaziorako eta sentsibilizaziorako tresna gisa ere erabili ahal izateko.
Horretarako guztirako, proiektu honetan bazkide diren INTIA, HAZI eta INTERBIOk euren laguntzaile eta eragileak mobilizatuko dituzte dagoen potentzialari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Proiektu honen helburua ekoizpen ekologiko eta tokikoaren sektorea sendotzea eta garatzea da, kolektiboentzako sukaldaritzaren indarra baliatuz eta inplikaturiko eragileei (profesional, administrazio, jantokien kudeatzaile, etab.) beharrizan berriei erantzuteko behar beste tresna eta ezagutza ahalbidetuz.
Iturria: https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=6712376
- Ezagutzen eta hausnartzen
- Sareak eratzen
- Tokiko instituzioa