Duela zenbait urtez geroztik, Matarranya eskualdeko udalerrietako haranetako labore-lurretako asko uzten ari dira. Haran horiek, landatuta daudenean, landaredian etenak eragiten dituzte eta suebaki naturalak sortzen dituzte; hala, suteren bat izanez gero, errazagoa da sutea mendean hartzea baso-masa ahalik eta gutxien kaltetuta.
Proiektu hori abian jarri izana berebizikoa da eskualdearen garapen jasangarrirako; 2012an egin zen lehenengo fasea “Modeland” Interreg Europako Proiektuak finantzatuta, eta proiektu pilotutzat hartu zen eta 16 hektarea berreskuratu ziren Cretas, Valderrobres, Calaceite, Ráfales eta Valdetormo udal mugarteetan.
2015ean amaitu zen “Lur Bankuaren” bigarren fasea, eta horrekin, guztira, 48 hektarea berreskuratu dira. Bigarren esku-hartze horretan zazpi udalerritan jardun dute, eta, guztira, 32 hektarea berreskuratu eta 41 jaberen 52 katastro-partzelatan esku hartu dute. Horiek denak 12 nekazari/abeltzaini eman zaizkie errentan.
Utzita zeuden nekazaritzako lurrak berreskuratzea eta abian jartzea Matarranyako artzainen ekimen eta lankidetzari eta finken jabeen prestutasunari esker gauzatu ahal izan zen.
Nekazaritzarako espazioaz gain, kaltetutako eremu horietan zeuden azpiegiturak berreskuratzen ere jardun dute: iturriak, askak eta partzeletarako sarbideak, esaterako.
Proiektua gauzatzeko lan-metodologia honako hau da: eremu batengatiko interesa agertu ondoren, bertan gauza litekeen jarduera aztertzen da sute-arriskua, degradazio maila, paisaiaren kontserbazioa, kalitatea eta landarediaren eta faunaren biodibertsitatea kontuan hartuta. Hurrengo urratsa jabeen eta lurrak landuko dituzten nekazari eta abeltzainen arteko konpromisoak lortzea da. Azenik, finken eta bertarako irispideen egokitzapen eta garbiketa-lanak egingo dira. Bideak, oro har, oso hondatuta egoten dira, urte askoan ez baita inor bertatik ibili. Ibilgailuetarako bideak egoera onean edukitzea funtsezkoa da partzela horiek martxan jarri eta mantentzeko; baina, horrez gain, mendien kudeaketa, suteen zaintza eta itzaltzea eraginkorragoa izan dadin ahalbidetzen du, beharrezkoa den kasuetan, azkarrago iristen baita.
Finketan egiten diren lanak honako hauek dira: sastrakak garbitzea, neurri txikiko baso-espezieak eta hilda dauden arbolak kentzea.
Gainera, landare-materiala xehetzen da, geroago, materia organiko gisa labore-lurrari gehitzeko. Azkenik, abeltzainek eta nekazariek euren bitartekoekin egiten dituzte labore-lanak eta inguruaren baldintza edafiko eta klimatikoei doitzen zaizkien espezieak ereiten dituzte. Artzainen kasuan (ardiak, batik bat), alpapa edo astorkia ereiten dituzte hagin-larre gisa aprobetxatzeko. Beste alde batetik, nekazariek hainbat espezie landatzen dituzte eta udan (uztail eta abuztuan), lurra landare idorrik gabe edukitzeko konpromisoa hartzen dute, sute-arrisku handiagoa izaten baita orduan.
Azkeneko eguneratzea: 2015eko azaroa