“Partzuergoa” Gipuzkoa eta Arabako lurraldeetako bertako termino bat da, eta udalen arteko jabekidetasunari, jabetzan parte hartzen duten herri multzoei eta partekatutako lurrak gozatzeari dagokio.
Beste Partzuergo batzuk bezala, Entziakoa aspaldiko administrazio-erkidegoa da. Agurain, Asparrena eta Donemiliaga udalerriek eta, era berean, Entzia-Arriba Partzuergoa osatzen duten sei herriek osatzen dute: Done Bikendi Harana, Kontrasta, Alda, Ullibarri Arana (Haranako udalerria), Onraita eta Roitegi (Arana-Maeztuko udalerria).
Entzia Partzuergoa Entzia Mendizerrako erabilera publikoko 609 mendiaren titularra da; guztira, 3.284 hektareako azelera du, eta horietatik ia hiru laurden zuhaitzak dira (pagoak, batik bat) eta gainerakoa larreak. Jatorriz, dena zen herri-basoa, eta edozein herritar edo partzuergokidek erabil zitzakeen bertako baliabideak (zuhaitzak, larreak, ura, etab.). Hala ere, XIX. mendeko desamortizazioen ondorioz, 1860an zuhaitzak Partzuergoa osatzen zuten erakundeen artean banatu ziren; honela: 2/8 Agurainentzat; 3/8 Donemiliaga eta Asparrena Anaidiarentzat (geroago, udalerri bihurtu zirenean, erdibana hartu zuten) eta 3/8 beste sei herrientzat. Beste alde batetik, gainerako aprobetxamendu guztiek (larreak, ura, ehiza, erroturoak, bideak, txabolak, aisialdia, etab.) komunak izaten jarraitu zuten. Hau da, banatu egin zituzten lurgaineko (zuhaitzak) eta lurreko jabetzak; lehenengoa erakunde bakoitzari esleitu zitzaion, eta bigarrenak komuna izaten jarraitu zuen.
Horrek esan nahi du erakunde bakoitzak bere kabuz kudeatzen duela berari dagokion zuhaiztia, bere gain hartzen ditu gastuak eta berarentzat dira bere basoa ustiatzearen ondoriozko etekinak. Aipatu behar da Entzia-Arriba Partzuergoa osatzen duten sei herriek ez dutela esleitu zitzaien zuhaiztia banatu, komuna izaten jarraitzen du; beraz, komunean ustiatzen dute eta etekinak Partzuergoak (Entzia-Arriba) kudeatzen ditu.
Larreak, zuhaiztiak ez bezala, komunak dira, eta herritar/partzuergokide guztiek dute, printzipioz, haiek erabiltzeko eskubidea. Partzuergoak 620 ha inguru ditu larreetarako, eta horiei, bazkatzeko erabil daitezkeen bestelako zuhaiztiak gehitu behar zaizkie. Azalera horretatik 37 ustiategik lortzen du elikagaia; guztira, 1.123UGMrekin, eta horietatik % 26 zaldiak, % 28 ardiak eta % 46 behiak dira. Horrek guztiak 37 lanpostu baino gehiago eragiten ditu, ustiategi asko sozietate edo ondasunen erkidego direlako. Zalantzarik gabe, larreak balio handiko baliabidea dira herri horientzat, abeltzaintza jarduera ekonomiko garrantzitsua baita bertan. Baina mendia baliabide ekonomikoa baino gehiago da. Kalkulatu ezin den ingurumen-balioa dute dituen 3.000tik gora hektareak, eta guztiak kontserbatu ahal izan dira partzuergokideek zentzuz ustiatu dutelako mendia, ekosistemen kontserbazioa bermatuta; eta horri esker, Batasunaren Intereseko Lekua izendatu dute, eta, beraz, ingurumena babesteko legeen pean dago.
Partzuergokideak dira partzuergoa bera osatzen duten udalerri edo herrietako edozeinetan bizi eta erroldatuta dauden pertsona guztiak. Besterik esan ezean, denek dute menditik datozen baliabideak erabiltzeko eskubidea. Hala ere, aprobetxamendurako eskubidea ez dagokio herritarrari berari pertsona indibidual gisa, familia unitateari baizik, hau da, etxe berean modu jarraituan bizi diren pertsona taldeari. Gainera, kasu bakoitzean hainbat eskakizun bete beharko dituzte. Beraz, larreak erabili ahal izateko, partzuergokide izateaz gain, beste eskakizun batzuk ere bete behar dira; hala nola, abeltzaina izatea, lur propioak edukitzea, gutxienez urtebetez erroldatuta egotea, kanonak eta bideak ordainduta izatea, Aldundiaren Ustiategiei buruzko Erregistroan inskribatuta egotea, ustiategia bizi den udalerrian bertan izatea, osasun-kontrolari buruz foru-arauek eskatzen dutena betetzea eta larreak aprobetxatu ahal izateko, biltzarraren baimena lortu izana.
Lurgaina eta lurra bereizten direnez, erakunde bakoitza da –eta ez Partzuergoa– bere zuhaiztia kudeatzen duena, hala ere, basoko jarduera eta aprobetxamendu guztietarako Arabako Foru Aldundiaren aurretiazko baimena behar da, Mendiei buruzko Foru Arauak xedatzen duenari jarraikiz. Hortaz, Aldundiak, titularrek proposatutakoaren aurrean, urteko Aprobetxamenduen Plana onartzen du, eta haiek kontrolatzen ditu. Egurrari dagokionez, moztu beharreko zuhaitzak erakunde bakoitzeko ordezkariek seinalatzen dituzte, euren jabetzaren barruan, Aldundiko zaindarien zehaztapen teknikoei jarraikiz eta haren ikuskaritzapean. Zuhaiztietan jarduteak eragindako diru-sarrerak eta gastuak erakunde jabeari dagozkio. Partzuergokide orok du egur-erloak eskatzeko eskubidea, dagokion familia-unitatea atxikita dagoen udalerriaren zuhaiztiaren jabetza banatuta dagoelako. Basoko gainerako aprobetxamendu guztiak mankomunatuak dira. Zalantzarik gabe, aprobetxamenduak kudeatzeko modu desberdin hau –batzuk mankomunatuak, beste batzuk pribatiboak– gatazka-iturri izan daitekeela; batez ere basoa eta larreak batera aprobetxatu nahi direnean; eta horregatik, duela urte batzuetatik hona, zuhaiztiak batera kudeatzeko moduaren bila ari da Partzuergoa, erakundeen eskubideak urratu gabe, Entzia Partzuergoa osatzen duen espazio osoan eragiten diren baliabide guztiak modu integralean kudeatzea ahalbidetuko duen moduaren bila, alegia.
- Arautzen
- Martxan jartzen
- Tokiko instituzioa
- Sarea