El Boalo-Cerceda-Mataelpino Udalaren konpromiso baten emaitza da proiektua; izan ere, bertako abeltzaintza estentsiboko jarduera habitaten eta zenbait espezieren babesarekin bateratu nahi da; otsoaren kasua da, esaterako, Guadarrama Mendilerroan finkatu egin baita haren presentzia.
Udalerri horrek 40 km2-ko hedadura du, eta oso orografia aldakorra, menditsua, ahuntz eta ardi taldeekin artzaintzan jarduteko egokiak. Jarduera horri esker, hain zuzen, hautatu zen mendeetan zehar Guadarrama Mendilerroko Ahuntza edo “Guadarrameña” arraza autoktono babestua eta, aldi berean, 60tik gora Abelbide eta atsedenleku katalogatu finkatu dira; gaur egun hiru herrien arteko konexio-sarea osatzen dutenak.
Beraz, ez da harritzekoa abeltzaintza estentsibo tradizionala bertako ekonomiaren oinarria izana hamarkada luzeetan; gure memoriaren eta ondare historiko eta kulturalaren parte da. Baina 80.eko hamarkadan, eredu hori atzerabidean sartu zen, belaunaldien artean ordezkapena egiteko aukerarik gabe, eta desagertu egin dira ahuntz eta ardiak gure abelbideetatik, eta horiekin, beraz, transhumantzia eta artzainak.
Otsoaren eta abeltzaintza estentsiboaren arteko elkarbizitza
2015eko martxoan, zenbait udal, abeltzain, kolektibo kontserbazionista eta otso iberiarraren azterketan adituak diren pertsonak bilera egin zuten Miraflores de la Sierran; jardunaldi hartan, eztabaidatu eta lan egin zuten, “Guadarrama Mendilerroan, Otso iberiarraren eta Abeltzaintza Estentsiboaren arteko elkarbizitza posiblea” lortzeko konponbide adostuak bilatzeko. Jardunaldi hartako ondorioetatik, lehentasun argi gisa ezarri zuten administrazioak behar besteko kalte-ordainak finkatu behar zituela “otso-guneetako” abelburuen kalte eta galeren truke.
Baina, beste alde batetik, ebazteke dago esnetarako abereen galerak eragindako lortu gabeko irabaziak nola konpentsatu, eta horien erreposizioa nola bermatu; izan ere, babestutako arraza autoktonoen kasuan –Guadarrama Mendilerroko Ahuntza kasu–, ezin dira gero merkatuan aurkitu prezio eskuragarrian.
Udalaren Guadarrama Mendilerroko Ahuntzen irabazi asmorik gabeko taldea sortzeak bermatu egingo luke abeltzainek ordezko ale ekoizleak eskuratu ahal izatea, prezio eskuragarri eta arautuan, eta horrela, haien ustiategietako lortu gabeko irabaziengatiko kaltea txikiagoa izango litzateke.
Klima-aldaketaren aurkako borroka eta basoko suteak.
Artzaintzak klima-aldaketan betetzen duen zeregina sektore guztietan onartua da, eta gure kasuan, udal-jardueren karbono arrastoa murrizten lagun dezan nahi dugu. Suteei dagokienez, gure udalerrian eta inguruetan, uda batean bai eta hurrengoan ere bai, gertatzen diren sute-hasierak ugariak dira, denak Guadarrama Mendilerroaren Parke Nazionalaren barruan, eta, hain zuzen, prebentzio lanak dira –eta ez sute-itzalketak– basoko suteen kontrako borrokan neurririk eraginkorrenak.
Hondakinen kudeaketa
Proiektu horren barruan, udalaren eta jabeen erkidego pribatuetako berdeguneetako belardiak sastrakaz garbitzeko artzaintza ezinbestekoa da, zabortegira eramaten diren landare-hondakinen pisua eta bolumena gutxitzen delako eta ahuntzen mindak landare-kimatzeen hondakin guztiei aplikatuko zaien konpostaje-prozesutik lortuko den konposta hobetzeko erabiliko direlako.
Proiektuaren helburuak
Laburbilduz, proiektuaren helburuak honako hauek dira:
1.- Partzelen belar eta sastraka garbiketaren ondoriozko bio-hondakinen murrizketa eta balioan jartzea.
2.- Hiri inguruetako suteen prebentzioa ahuntz-taldearekin artzaintzan jardunez.
3.- Biodibertsitatearen babesa: bai abereen arraza autoktonoak bai basoko espezieak.
4.- Erabilera eta ofizio tradizionalak berreskuratzea: artzaintza eta abeltzaintza, kasu.
5.- Ingurumenari buruzko hezkuntza, balio horien berri ikasleei helaraziz.
Plan osoa honako esteka honetan kontsulta daiteke: https://cabrasbcmblog.files.wordpress.com/2016/05/proyecto-rebac3b1o-municipal.pdf
Eta hemen proiekuari buruzko bideo bat: http://www.rtve.es/alacarta/videos/la-aventura-del-saber/aventuraboalo/4483575/
- Ezagutzen eta hausnartzen
- Arautzen
- Martxan jartzen
- Sareak eratzen
- Tokiko instituzioa
- Sarea