Galiziako lurraldearen % 69 basoa da. Gutxienez, 600.000 jabe dira lursail txikiekin; batez beste 1/3 hektareatara iristen ez direnak. Gainera, duela 30 urte landa-eremuan bizi ziren jabeen % 90 gaur egun ez da bertan bizi.
Egoera horren ondorioz, arazo larriak daude Galiziako mendietan: suteak, ingurumen-narriadura edo baliabideen azpi-ustiaketa, kasu.
Egoera hori iraultzeko, UXFOR (Baso-kudeaketarako unitateak, galegoko sigletan) izenekoak sortu zituzten 2008an Ingurumen Sailaren bidez. Garrantzitsua da; izan ere, basoaren kudeaketa eta plangintza baso-kudeaketarako tresnen eta prebentzioko planteamenduen (partzela baino handiagoetan) arabera egiten zen, jasangarritasuna, multifuntzionalitatea eta tradizionalki basoen antolamenduan erabili izan diren beste alderdi batzuk kontuan hartzen zituzten irizpideekin, ingurumenari, jendarteari eta produkzioari lotuak. Gainera, hortik aurrerago ere jotzea ahalbidetzen zuen, basoaren zati handi batean baso-jasangarri ziurtapena lortuta; bestela ezinezkoa izango baitzen.
Unitate horietako bakoitzak, gutxienez, 15 hektareakoa izan behar zuen, eta horien sustatzaileak, azalera horren jabeen % 50 izan behar zuten, gutxienez. Unitate horiek sortzeko ekimena lurren jabeena izan zitekeen, edo ofizioz sor zitezkeen Administrazio Dekretu bidez, barrutiko basoko suteen prebentziorako eta defentsarako planean halakotzat definitu baziren.
UXFOR unitateak entitate juridiko edo kudeaketa-entitate gisa ziharduten; estatutu-araubide batekin, eta Antolamendurako Kudeaketa Plan Espezifiko baten edo Baso-kudeaketarako tresna baten bidez araututa egon behar zuten; arau horietan, suteen kontrako prebentziorako oinarrizko azpiegiturak zein ziren eta zer neurri hartu behar ziren zehazten zen. UXFOR izenekoen bidez, inplikaturiko jabeek lehentasuna zuten laguntzak edo azpiegituren hornikuntzak jasotzeko; batez ere, euren borondatez, basoa berrantolatzeko modu horretan parte hartzen zutenek. Bestelako onurak ere bazituzten; hala nola, partzelak ez deslokalizatzea; Unitatearen Kudeaketa Planean ordezkaritza izateko aukera; lurraren balorizazioa, baso osoko azpiegituren hobekuntza, sute-mehatxuen gaineko kontrola eta Kudeaketa Plana aplikatu ostean aldizkako errentak jasotzeko aukera. Errentak jasotzeko aukera UXFOR osatzen zuten baso-jabeen eta unitate horietako laboreetan edo bestelako aprobetxamenduetan inbertitu nahi zuten finantza-erakundeen arteko negoziazioen bidez lor zitekeen.
Beste alde batetik, UXFOR izenekoek suteen kontrako babes-asegurua zuten, eta horrek bermatu egiten zien suteek suntsitutako laboreen etekin ekonomikoa. Landa-eremuko Sailak uste izan zuen jabeek borondate eta prestutasun handiagoa izango zutela basoko lursailak zaintzeko urteko diru-sarrerak bermatzen zituen metodologia aplikatu ondoren.
2010. urtearen amaieran, gobernu berriak bertan behera utzi zituen UXFOR unitateak.
Informazio-iturria: http://adega.gal/media/documentos/C56-P36-37.pdf
- Arautzen
- Tokiko instituzioa