Zeberiok, duela urte batzuk lehenengo sektorearen dinamizazio-proiektu bati ekin zion, bizimodu jasangarria, elikadura osasungarria eta inguru bizi eta dinamikoa sustatzea xedez. Azpimarratu behar da hasierako motibazioa ez zela soilik eremu sozioekonomikoari eta elikagaien ekoizpenari ekitea, aitzitik, funtsezkoa ikusten zen udalerriaren memoria aztertzea.
Horrela hasi zen gogoeta-lana, eta hor hasi ziren puzzlea eraikitzen nora iritsi nahi zen eta zer baliabide zeuden kontuan hartuta. Horretarako, pertsona eta eragile oso garrantzitsuak izan ziren inguruan, urte hauetan egindako bidea ulertzeko berebizikoak izan direnak. Horrela, proposamena osatzen duten bost pieza identifikatu ziren: funtzio askotarako eraikina; lurrak; lehenengo sektorearen dinamizazioa; kontsumo eta ekoizpen arduratsuak; eta gazteentzako aukerak. Nekazalgunea proiektua sortu zen.
Gainera, lehenengo sektorea dinamizatzeko espazio bat eraikitzeko apustua egin zuten, eta proiektuaren hiru ardatz nagusiak definitu ziren: lurra, etxebizitza eta eraldaketarako eta trukerako espazioa. Lurrari dagokionez, eta udalak ekoizpenerako lur egokirik ez zuela ikusita, Patronatuarekin negoziatu zen bere lursailetako batzuk lagatzeko, mandatu-kontratu baten arabera.
Bestalde, ermitabarri izeneko eraikinean apartamentuak eta erabilera kolektiboko espazioa sortu zituzten. Apartamentuen kasuan, prezio merkea jartzea proposatu zen, ekoizpen-jarduerari ekiten ziotenek eurek hartzerik izan zezaten. Beheko solairuan, erabilera kolektiborako espazio bat atondu zen, trukea egiteko, eta gaur egun ikuspegi agroekologiko eta kolektibo batekin elikagaiak eraldatzeko proiektua dago martxan, Maskilu Kontserbak. Hau guztia proiektuaren oinarria dela esan daiteke, horren inguruan beste dinamika interesgarri batzuk piztu baitira: jardunaldien bidezko formazio eta truke prozesuak, haziak kontserbatzearen inguruan memoriaren berreskurapena (beran aipatutako dokumentala), sareen sorkuntza eta elkarlana, edo lehenengo sektorearen eta turismoaren arteko loturak bilatzea, hala nola Etnogune proposamena, elikadura burujabetzaren proposamena ere kontuan hartzen duena).
Azken eguneraketa: 2015
- Sareak eratzen
- Tokiko instituzioa
- Mugimendu baserritarra – Erakunde baserritarra