Aurrekariak
Lan hau egiteko aitzindariak, Tolomendi eta Goimen Landa Elkarteek egindako tokiko azoken inguruko elkar lan eta hausnarketan bila ditzakegu. Bi landa elkarte hauek Tolosa eta Ordiziako azoken etorkizunari buruzko kezka konpartitu baitzuten. Etorkizun hori bermatzeko, derrigortzat ikusten zuten azoken balorea gizartearen begi bistan jartzea, azokek eskainitako aktibo eta atributu ezberdinei balore emanez. Horretarako, hausnarketa honetan, eta beste elementuen artean, azoken dimentsio ekonomikoa ikertzea eta neurtzea azpimarratzen zen, azokek tokiko ekonomian duten eragin ekonomikoa mahai gainean jartzeko.
Ikerketa hori aurrera eramateko, Tolomendi eta Goimeneko ordezkariak Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari diren Mirene Begiristain eta Eduardo Malagonekin jarri ziren harremanetan. Nekazaritza sektore eta landa guneen garapenaren ikerketan duten eskarmentuaz baliatuz. Horrez gain, hausnarketa eta ikerketa hau burutzeko asmoa beste landa garapen elkarteekin konpartitu zenean, ikerketaren eremuan Gipuzkoako beste tokiko baserritarren azokak dinamizatzen dituzten Landa Garapen Elkarteek (Debemen, Urkome, Deba Garaia eta Behemendi) parte hartzearen interesa adierazi zuten eta ikerketa taldera Aintzira Oñederra ikerlaria ere batu zen.
Gainera, ikerketak eragin ekonomikoaren neurketa izateaz gain, eragin soziala ere barneratzea beharrezkoa ikusi zen, Gipuzkoa mailan kanal hauek baserritar jardueraren bilakaeran daukaten garrantziaren ikuspegi osoago bat eduki ahal izateko, eta horiek kontuan izanik, lurraldearen elikadura estrategia baten hausnarketa abiatzeko.
Azterketaren helburuak:
Proiektu honen helburu nagusia Gipuzkoako tokiko nekazarien azoken eragin ekonomiko eta soziala aztertzea da, azterketa zenbait azoka nagusietan garatuz. Ikerketaren helburu orokor hau bete ahal izateko ondorengo helburu zehatzak planteatu ditugu:
- Tokiko nekazarientzako azokek komertzializazio bide gisa duten garrantzia balioztatzea
- Tokiko ekonomian tokiko azokek duten garrantzia balioztatzea
- Tokiko azokek beste tokiko merkaturatze aukerekin eta tokiko ekonomiako beste sektore batzuekin (zerbitzuak, merkataritza, ostalaritza,...) sortzen dituzten sinergiak eta harremanak balioztatzea
- Tokiko azokak nekazarien beste merkaturatze bideen eremuan eta merkaturatze bide laburretan (MBL) eta lurraldearen elikadura estrategia batean aztertzea
- MBLen bilakaera ekonomiko eta soziala ebaluatzeko tresna metodologikoa garatzea, merkaturatze bide horietan garatutako estrategien eragina balioztatzeko aukera ere izateko
Ondorioak
Hamar azoketan jasotako datuen azterketak adierazi digu ekoizle eta kontsumitzaileen artean nagusitzen den generoa emakumezkoa dela, hau da azokek emakume aurpegia erakutsi digute. Horrez gain, ekoizpen ereduari dagokionez, azoketan saltzen duten nekazari eta abeltzainek eskala txikiko ekoizpen dibertsifikatuak dituztela ikusi dugu, ekoizpen eredu ekologikotik urrutiratzen den produkzioa. Eta kontsumo ereduari dagokionez berriz, herritarrak kalitatezko elikagaiak eta bertako produktuak erostera gerturatzen direla azokara konturatu gara.
[Ondorio gehiago aurki dezakezue ikerketan]
Etorkizuneko azoken proiekzioa
Ikerketak erakusten digu etorkizuneko azokan aurkituko ditugun ekoizleen perfila nekazari espezializatuarena izango dela; produktu eraldatu edo ekologikoen salmentaz arduratuko dena, eta azokez gain, bestelako merkaturatze bide laburrak landuko dituena. Izan ere, ezaugarri hauek dira gaur egungo azoketako ekoizle gazteei erreferentzia egiten dietenak. Azoketako erreleboa bermatzeko nahitaezkoa deritzogu ekoizle perfil honi erraztasun posible guztiak jartzea, azokan beren lekua aurki dezaten eta bestelako komertzializazio bideez gain azoka salmentarako bide egokitzat hauteman dezaten.
Bestetik, kontsumitzaileei dagokionez, erosle gazteenek kalitatezko eta bertako produktuak bilatzeaz gain, elikagai eraldatuak edo/eta ekologikoak kontsumitzen dituztela ikusi dugu, identifikatu dugun nekazari gazteen perfilak saltzen dituen produktuekin bat etorriz. Azken finean, kontsumo eredu osasuntsu baten aldeko apustua egiten duten herritarrak dira.
Ezin dugu ahaztu azokak eragin sozial esanguratsua duten espazioak direla. Horrela ekoizle gazteenen hitzetan: azokak esparru pedagogikoa uztartzen duten salmenta bideak dira, herritarrei bertan ekoiztutako produktuak edo baserrietako ekoizpen eredua balioan jartzeko salmenta bideak, sozializazio guneak, landa eremua herri eta hirietara gerturatzea ahalbidetzen duten espazioak, transmisio kulturalean oinarritutako harremanak barnebiltzen dituzten guneak, eredu ekonomiko sozial berriak eraikitzeko aukera ematen duten bideak, etab. Beraz, ezinbestekoa da azokak produktu ekologikoen salmenta ahalbidetzeaz gain, espazio “bizi” hauen izaera zaintzea, batik ba tazokak zaharkitzen ari den gizartera egokitzeko, eta noizbehinkako produktu eraldatuak erosteko gune izatetik eguneroko elikagai osasuntsuak eskuratzeko salmenta gune izatera pasatzeko.
Azoken dinamika mantendu ahal izateko nahitaezkoa deritzogu kudeaketa ereduaren inguruan hausnartzea eta azoken errealitatera egokitutako estrategiak garatzea. Aztertu ditugun azoketan, eragile desberdinen arteko lankidetza falta edo/eta azoken kudeaketaren utzikeria sumatu dugu. Azoken etorkizuna bermatzeko azokarekin lotura duten eragile desberdinen partehartzea, konpromisoa eta lankidetza ziurtatu beharko da, erabakiak hartzeko egitura horizontalak sortuz. Azoken funtzionamenduarekin zerikusia duten hainbat alderdiren inguruan erabakiak hartzea ezinbestekoa da, besteak beste: azoken helburu nagusiak, parte-hartzeko irizpideak, birsaltzaileen rola eta lekua, ekoizpen eta merkatu eredua, baserritarren arteko koordinazio eta artikulazioa, beste azoka eta merkaturatze bide laburrekin garatu nahi diren harremanak, eragile publikoen rola, azoken dinamika monitorizatu eta helburuen betetze maila neurtzeko adierazleak, beste azoketako kudeatzaileekin aliantzak eta elkarlana, etab.
Horrez gain, eragile desberdinek gobernantza eredua barneratua izan behardute eta hainbat arazori aurre egiteko ardura eta ahalmena erakutsi, besteenartean: kontsumitzaile eta ekoizleen arteko balioaren banaketa, prezioen etakalitatearen gaian gertatu daitezken asimetriak, logistika eta birsaltzaileengaiari irtenbidea, azokaren udalerriko elikadura beharrak asetzeko azoken gaitasun maila, azpiegitura publikoen mantenu eta erregulazioa, etab.
Azkenik, nahiztaezkoa deritzogu eragile desberdinek azoken eragin ekonomikoeta soziala aintzat hartzea. Horregatik, ikusezin geratzen diren espazioak izanik, garrantzitsua da azterketa honetan jaso ditugun datuak gizarteratzea eta balioan jartzea. Dena den, esan beharra dago ikerketa honetan hartu dugun laginean asteroko azokak jaso direla, eta beraz, eragin honi azoka bereziena ere gehitu beharko geniokela, zeharkako eragin ekonomikoa esanguratsua izango lukeena, jaso ditugunak baino handiagiak aldegia.
Azterketa hemen deskargatu dezakezue: http://www.goimen.org/docs/AZOKEN_eragin_ekonomiko_eta_soziala_DEF.pdf
- Ezagutzen eta hausnartzen
- Tokiko instituzioa
- Akademia