Zarauzko udal-baratzeak 2009an sortu ziren, eta, hasieran, pertsona erretiratu eta langabeentzako gizarte eta aisialdirako ekimena zen arren, denbora igaro ahala proiektuaren zenbait alderdi moldatu dira. Alde batetik, baratzeak modu ekologikoan lantzea nahitaezko bihurtu nahi dute. Horren ildoan, Biolurrekin (Gipuzkoan ekoizpen ekologikoa sustatzeko elkartea) egin dituzte ikastaroak eta 2013an lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Biolur eta ENEEKekin (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikorako Kontseilua) baratzeak modu ekologikoan lantzeko aholkularitza jasotzeko.
Beste alde batetik, udal-baratzeen erabiltzaileen auto-antolakuntza bultzatu nahi da. Planteamendu berri horrekin erabiltzaileek proiektuaren funtzionamenduan gehiago parte hartzea ahalbidetu beharko litzateke, udaleko teknikarien lana arindu eta formazio-jarduerak eta baratzeak ikusarazteko jarduerak egitea bultzatu.
Gainera, 2012. urtean, topagunea egin zuten baserritarrek eta udaleko teknikariek eta zenbait zinegotzik. Ekimen hori lehenengo sektorea, bertako elikagaiak eta ekoizpen ekologikoa balioetsi nahi dituen ildo-politiko berriaren barruan dago.
2013an, aurrekontu-partida bat ireki zuten baserriaren mundua ikusarazteko ekintzak egiteko; orokorrean, itsasoari begiratzeko joera duen udalerri batean. Osoko bilkurak aho batez onartu zuen adierazpen instituzionala herriko baserrietan lan egiten duten pertsonen lana aintzat hartzeko. San Isidrotan azoka berezia egin zuten, udal-azokan erakusketa iraunkorra jarri zuten, argitalpen bat editatu zuten eta ikastegietatik baserrietarako bisitak antolatu zituzten.
2014ko jarduerek emakume baserritarra eta familia-nekazaritza izan zituzten ardatz.
- Ezagutzen eta hausnartzen
- Plangintza egiten
- Martxan jartzen
- Sareak eratzen
- Tokiko instituzioa