Aurrekariak:
Esperientzia hau ezin da behar bezala interpretatu Allarizeko azkeneko hamarkadetako aurrekari sozio-politikoak aipatu gabe. 1989an, Allarizen “gatazka” deitzen duten gertakariak, udalerriaren norakoa aldatu zuen, eta herritarren parte-hartzea ardatz duen gobernantza eredua ezarri zuten.
Udalerriak 85 km2 ditu, eta 6.100 biztanle, 92 gunetan banatuak; horietatik, garrantzitsuena Allariz hiribildua da, biztanleen % 70 baitaude bertan erroldatuta. Allarizen, Galiziako gainerako udalerrietan bezala, Hiri Hondakin Solidoen kudeaketa beira, ontziak, papera/kartoia eta errefuxa bereiz jasotzean zetzan. Beira eta papera/kartoia bi enpresa pribatuk jasotzen zituzten udalerrian. Ontziak eta errefuxa, Concelloak jaso eta SOGAMA enpresari ematen zizkion zegokien transferentzia-tegian. Enpresa hori propio sortua zuen Galiziako Xuntak (% 51) Union Fenosarekin (% 49). Edukiontzi horiko materiala –errefuxaren edukiontzia jasotzen denaren bestelako kamioiak jasoa–, SOGAMAren transferentzia-tegira eramaten dute, eta han ECOEMBESek jasotzen du. Ontzien edukiontzian aurkitzen dituzten ezegokien (kartoia, beira, MO, ontzi industrialen plastikoa…) arabera, ECOEMBESek materiala onartzen du edo ez, eta hartzen duenaren truke hainbesteko bat ordaintzen dio Concelloari. Gaikako bilketa hobetzea, beraz, oso komenigarria da; Concelloarentzat diru-sarrera izateaz gain (birziklatutako ontzien truke), errefuxara doan kantitatea murrizten du; izan ere, errefuxa kudeatzeak gastua dakar ,Concelloak SOGAMAri ordaindu behar baitio hura tratatzeko.
Errefuxak ere badu MO, haren pisuaren ia % 46ra arte. Aurretik, transferentzia tegitik ehun kilometrotik gora garraiatu behar izaten zuten tratamenduko tegi nagusira; han bereizketa egin eta frakzioak berreskuratzeko edo erre eta balorizazio energetikoa egiteko. Tegiaren kudeaketa-gaitasuna gainditzen duten kantitateak lurperatu egiten dira; % 30 gutxi gorabehera. Hiri-hondakinak kudeatzeko baimena duten Concelloek SOGAMARI ordaintzen diote: 83 € enpresak tratatzen duen hondakin tona metriko bakoitzeko.
2010ean, Allarizeko Concelloak proiektu pilotu bat prestatu zuen MO konpostatzeko, Ingurumen eta Landa- eta Itsas-eremuen Ministerioak finantzatuta, Novotecekin lankidetzan. 43 unitatek hartu zuten parte: 35 familiak, 5 erakundek, ostalaritza enpresa batek eta elkarte batek.
2005ean, Allarizeko Eremuko Biosferaren Erreserba izendatu zuten UNESCOren MAB Programaren barruan, eta Vilar de Santos, A Bola, Rairiz de Vega eta Allariz udalerriak hartzen zituen. Biosferaren Erreserbaren Ekintza Planean (RB), ekintzetako asko hondakinen bilketako udal-zerbitzua hobetzera eta gaikako bilketa-sareak zabaltzera bideratuta daude; hain zuzen, hondakin organikoen konpostajea bultzatzea aipatzen da.
Beste alde batetik, EBk zehazten du, 2020rako, HHS guztien % 50ek berreskuratze edo birziklatzeko tratamendu bat jarraitu behar dutela. Kontuan hartuta HHSen poltsaren % 46 materia organikoa dela (MO), % 46 hori tratatzen ez bada, ezinezkoa izango da % 50eko berreskuratze edo birziklatze maila horretara iristea.
Gainera, SOGAMAk kudeaketa-tarifak % 30 garestitu zituen 2014an.
2014aren amaieran, inguruabar eta kontsidero horien guztien emaitza gisa, udal-gobernuak materia organikoaren kudeaketan aldaketak ezartzea –konpostajea bultzatzeko– eta beste hondakinen (papera/kartoia, ontziak, etab.) kudeaketa hobetzea pentsatzen du, Allariz, zaramaren kudeaketari dagokionez, “Concello eredugarri” bihurtzeko. Ekimena Allarizeko herritarrei eta komunikabideei aurkeztu zitzaien, HHSen kudeaketarako RE Proiektu gisa: (REcuperar, RExeneran, REiniciar, “Recuperar el pasado, garantizar el futuro” (Iragana berreskuratu, etorkizuna bermatzeko) leloarekin.
RE Proiektuaren helburuak:
- Etxeetako autokonpostajea eta konpostaje komunitarioa bultzatzea.
- Materia organikoa “atez ate” biltzea ostalaritzan eta elikagaien enpresetan.
- HHSen gaikako bilketa hobetzea: plastikoak eta ontziak, papera/kartoia eta beira.
Nola?
Proiektuaren hartzaile diren hiru herritar mota bereiziz egiten dute lan:
- A egoera: landa-eremua eta sakabanatuta dauden herritarrak. Jardunbide hori berreskuratzeko jendea konbentzitzea eta beste frakzioak bereizteko edukiontziak behar bezala erabiltzera bultzatzea zuen helburu ekintzak.
- B egoera: Hiribilduan (Allarizen). Azpiegitura nagusia konpostatzaile komunitarioen irlak ipintzea da, auzokide-talde baten zerbitzura. Konpostatzaile komunitarioak 1.000 litroko kaxoiak dira, konposta heldu denean hustu ahal izateko zurezko horma desmuntagarriak dituztenak. Konpostatzaile bakoitzak 15 familiari zerbitzua emateko balio du, eta bi hilabete inguru behar izaten dira betetzeko. Konpostaje-uharte bakoitzean, gutxienez, bi konpostatzaile daude: bat erabilgarri, eta bestea herritarrentzako itxita, konposta heltzen den bitartean. 2016an 22 konpostaje-uharte ipini ziren leku ikusgarrietan.
Ezarpen maila
Concelloak zehaztutako helburuetan aurrera egiteko, 2016aren amaieran 22 konpostaje-uharte ipinita zeuden Allarizen; 360 edukiontzi berde (errefuxa), atzetik zamatzeko 800 litroko 165 edukiontzi hori (ontziak), 56 beira-edukiontzi eta papera/kartoia biltzeko beste 28 edukiontzi.
Hiri barruan, guneka antolatu zuten ezarpena, apurka-apurka. Konpostaje-uharte komuna ipinitakoan, oso garrantzitsua zen atez ateko kanpaina, konpromiso pertsonala ezartzen zuelako horrek. Pertsonaz pertsona lan egitean, behar diren azalpen guztiak emanez, oztopo asko gainditzen dira; hala nola: “ez dakit nola egin”, “hau oso zaila iruditzen zait”… Honakoan, esperientziak erakutsi du kanpaina generikoek ez dutela eragin handirik herritarrengan; ez behintzat ohiturak aldatzeari dagokionez.
Esan daiteke ekimena errotzen hasia dela, eta herritarren % 40 inguruk praktikatzen duela; baina prozesua ezin da eten, aurrera egin behar da, lortu nahi den helmugara iristeko bidea oso luzea delako; hau da, Allarizen sortzen diren HHSen % 80 bereiztea. 2017an zehar, bisitak egiten jarraituko dute, hasieran topatu ez zituztenekin edo iritsi berriekin berba egiteko. Oraindik ere, beste % 60 falta da lantzeko.
Proiektu osoan, esperientzia honi buruzko informazio interesgarria irakur daiteke: https://www.dialogosrb.es/assets/experiencia-allariz.pdf
- Ezagutzen eta hausnartzen
- Plangintza egiten
- Martxan jartzen
- Sareak eratzen
- Tokiko instituzioa